ALTUNA LOGIA AGURGARRIAREN HISTORIA
Gaurko Altuna Logia Agurgarriak, Espainiako Logia Sinboliko Handiaren 52 zenbakia egiten duenak, 2001. urtean ekin zion lanari. Izen bereko beste aurreko logia baten oinordekoa izan nahi zuen, Altuna Logia Agurgarria 15. zenbakiduna, donostiarra hau ere, 1932. eta 1936. urteen artean funtzionatu zuena, armada "nazionalak", legalitate errepublikarraren kontra altxatuta, bortizki itxi zuen arte. Horregatik, aurkezpen honetan azaltzen den anagrama orduko Altuna Logia Agurgarri errepublikarrarren anagrama berbera da.
Orduko Logia Altunari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Francisco Rodríguez de Cororen "Los Masones" liburuan aurkitzen da; azken hau Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioak (945-147800) argitaratu zuen 1992. urtean, bere edukia hego Euskal Herriko masoneriaren historia izanik.
Altuna Logia zahar horrek bere izena Manuel Ignacio Altuna y Portu (1722-62), Azkoitiko Portu jauregian jaiotako zaldun ilustratuarengandik hartu omen zuen. Manuel Altuna Real Sociedad Bascongada de Amigos del País eta Compañía Guipuzcoana de Caracas elkarteen fundatzaileetako bat izan zen, bai eta Jean Jacques Rousseau filosofo ospetsuaren adiskidea ere.
Atzoko Altuna Logia Agurgarriak, garai hartako Espainiako Ekialde Handiaren 15. zenbakidunak, Espainiako egoera politikoaren usteltzearen aurrean, 1933ko otsailean, Baionako La Zélée logiari -gaur ere irauten duena- amankomuneko eta nazioarteko logia berri bat sortzea eskatu zion. Logia horren helburua bi Estatuen arteko hurbiltzearen alde lan egitea zen eta, arazo garrantzitsuenak elkarrekin jorratuz, gizakion elkarretaratzea, beren urruntzearen ordez.
Logia amankomun horrek Frantziako Ekialde Handiaren pean egin zuen lan. Bere izena Spartacus izan zen, hau da, Capuako gladiadore lehiatsuarena, bere garaiko esklabuen kateak apurtzen saiatu zena eta, zenbait urtez, Erromako aginte harroari aurre egin ziona.
Egoitza ofiziala Hendaian zuen Spartacus Logia Agurgarriak, 1935ean hirurogei ta hamar kide baino gehiago zituen, mugaren bi aldekoak, bere zuzendaritzan La Zélée, L'Etoile du Labourd eta Altuna logien partaideak izanik. Saiakuntza hori Francoren armadaren sarrerak Donostian 1936ko irailean suntsitu zuen. Baionako La Zéléeren egoitza Espainiako iheslariak -masoi ala ez- babesteko erabili zuten.