ESPAINIAKO LOGIA SINBOLIKO HANDIAREN BARRUAN GAUDE

         Altuna Logia Agurgarria, Donostiako Ekialdean lana egiten duena, Espainiako Logia Sinboliko Handiaren barruan dago eta honen dokumentu eratzaileak partekatu eta praktikatzen ditu. Obedientzia masoniko hau liberala edo adogmatikoa da, gizon eta emakumez osatua, federala, librepentsalaria, humanista eta aurrerakoia. Honen ondorioz:

         - gure lema Askatasuna, Berdintasuna, Senidetasuna da

         - gure helburuak hiru hauek dira: norberaren hobekuntza lantzea, ideien analisian sakontzea eta gizarte askeago, zuzenago eta anaikorrago baten alde eragitea

         - gure batzarrak Unibertsoaren Arkitekto Handiaren Ohorean egiten dira, baina gure partaideei ez zaie eskatzen ez deitura honen interpretazio berezi bat ez eta inongo jainkoarenganako sinesmena ere

         Espainiako Logia Sinboliko Handiaren ikuspegi masoiaz berri gehiago Javier Otaolaren "Razón y sentido. La metáfora masónica" liburuan aurki daiteke, Hiria argitaletxean (943-655758) argitaratua 2006. urtean. Gainera, www.glse.org web orrian munduko masoneriaz, bere historiaz eta obedientzia honetaz informazio ugari eskaintzan da. Web honi bisita pausatua biziki gomendatzen dugu.

         Alianza Editorial argitaletxean 2002. urtean José Antonio Ferrer Benimeli jesuitaren "La masonería" liburuan ere masoneriaren deskribapen zuhurra irakur daiteke, kanpotik begiratuta, kasu honetan.

         Espainiako Logia Sinboliko Handiak, Gipuzkoan Altuna gure Logia Agurgarriak ordezkatzen duena, baditu Hego-mendebaldeko Euskal Herrian beste bi logia: Manuel Iradier Logia Agurgarria, Gasteizko Ekialdean (www.rlmanueliradier.org), eta Luz del Norte Logia Agurgarria, Bilboko Ekialdean (logialuzdelnorte@hotmail.com).

         Orobat, Espainiako Logia Sinboliko Handiaz aparte, Gipuzkoan bertan beste bi masoi-logia biltzen dira, gizonezkoenak biak: Guipuzcoa Fraternidad Logia Agurgarria (http://club2.telepolis.com/fraternidad) Espainiako Logia Konfederatu Handiari dagokio eta Donostiako Ekialdean biltzen da; eta Stella Matutina Logia Agurgarria Espainiako Logia Handiari (www.gle.org) dagokio eta Irungo Ekialdean biltzen da.